Zuzendaritza Batzordea
Mutualitatearen zuzeneko gobernuaz arduratzen den kide anitzeko organoa. Enpresaburu elkartuek (hamarretik hogeira bitartean; horien ehuneko hogeita hamar langile gehien dituzten enpresetakoak izango dira, araudiak ezartzen dituen tarteen arabera erabakita) eta atxikitako norbere konturako langile batek osatuko dute. Batzar Nagusiak izendatuko ditu horiek guztiak. 2. atalean aipatutako langileen ordezkariak ere hartuko du parte. Zuzendaritza Batzordeko kide izendatzen direnek Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren berrespena jaso beharko dute, langileen ordezkariak izan ezik, eta kideen artetik izendatuko da Zuzendaritza Batzordeko presidentea.
Zuzendaritza Batzordearen eskumenak dira Batzar Nagusirako deialdia egitea, hark hartzen dituen akordioak betearaztea, aurrekontuen aurreproiektuak eta urteko kontuak formulatzea (erakundeko presidenteak sinatu beharko ditu), zuzendari kudeatzaileari erantzukizunak eskatzea, eta ezartzen diren gainerako eginkizunak, Batzar Nagusiari gordetakoak salbu. Erregelamendu bidez arautuko dira Zuzendaritza Batzordearen jarduteko araubidea eta erantzukizunak eskatzeko araubidea.
Zuzendaritza Batzordeko presidenteari dagozkio Gizarte Segurantzarekin lan egiten duen Mutualitatea ordezkatzea, aipatu organoaren bilerak deitzea eta eztabaidak moderatzea. Zuzendari kudeatzaileak Mutualitatearen kudeaketari buruzko informazioa emango dio presidenteari une oro, eta, hala badagokio, hark emandako jarraibideen arabera jokatuko du. Ezartzen den kalte-ordainen araubideak arautuko ditu Mutualitatearen presidenteari dagozkionak, eman zaizkion eginkizun espezifikoengatik; kalte-ordainek ezingo dituzte zuzendari kudeatzaileari oro har dagozkion ordainsariak gainditu.
Pertsona berari ezin izango zaio aldi berean Zuzendaritza Batzordeko kargu bat baino gehiago eman, dela bere buruaren ordezkaritzan dela beste enpresa elkartu batzuen ordezkari gisa; halaber, ezin izango dira Batzordeko kide izan Mutualitatearekin lan- edo zerbitzu-harremana duten pertsonak edo enpresak, langileen ordezkaria salbuetsita.
Ikusi 35/2014 Legearen 71.3. artikulua