«Gizarte Segurantzaren prestazioen alorreko nazioarteko hitzarmenak» jardunaldia
Asteazkenean, otsailak 19, Madrilgo probintzia-zuzendaritzak «Gizarte Segurantzaren prestazioen alorreko nazioarteko hitzarmenak» izeneko jardunaldia antolatu zuen Fraternidad-Muprespa Habana ospitaleko ekitaldien aretoan. Jardunaldi hartan, geografikoki eta arauei dagokienez ipini dira testuinguruan langileek atzerrira egiten dituzten joan-etorriak, eta, horretaz gainera, azaldu da zer eskakizun bete eta zer izapide egin behar diren Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, zer-nolako garrantzia duen Europako Osasun Txartelak eta nola eta noiz aitortzen diren osasun-prestazioak eta prestazio ekonomikoak kasu horietan.
Madrilgo probintzia-zuzendari Carmen Rueda arduratu da ekitaldia inauguratzeaz, eta ongietorria egin die ehun parte-hartzaile ingururi, probintzian kidetutako enpresa eta aholkularitza-etxeetakoak guztiak ere.
Ondoren, Almudena Vilas mutualitateko Tres Cantoseko ordezkaritzako zuzendariak aurkezpena puntuz puntu banakatu du, eta, hasteko eta behin, azaldu du zer aldebiko edo hainbat aldetako hitzarmen dauzkaten sinatuta Espainiak eta beste herrialde batzuek, EBko zer erregelamenduk arautzen dituzten Espainiako eta Europako Espazio Ekonomikoko estatuek, eta zer-nola eragiten digun Brexitak gaur egun eta etorkizunera begira. Bigarrenik, xehetasunez azaldu du zer dokumentazio eta formulario bete, izapidetu eta aurkeztu behar diren, atzerrira joatea egokituz gero. Aldi berean, parte-hartzaileek zalantzak eta oharrak egin dituzte, beren enpresetako kasu bereziekin loturik, eta hizlariak modu asegarrian azaldu ditu guztiak ere.
Horren ostean, Antonio Ortega doktoreak hartu du hitza, Fraternidad-Muprespa Habana ospitaleko Barne Medikuntzako sendagile espezialista bera, eta parte-hartzaileei koronabirusaren berri eman die (COVID-19): nondik datorren, kutsatzeko moduak eta, batez ere, zer babes-neurri dauden honen eta tankerako beste edozein birusen aurrean. Horretaz gainera, oso gomendio interesgarriak eman ditu munduko edozein tokitara bidaiatzea erabakitzen duten pertsonek hartu beharreko neurrien gainean, bereziki higiene eta zerbitzu eskasak dituzten herrialdeetara joan behar izanez gero.
Azkenik, Esteban Mate Fraternidad-Muprespa mutualitateko Kudeaketako zuzendariorde nagusiak eskerrak eman dizkie bertaratu diren pertsona guztiei agertu izanagatik, eta etorkizunean ere halako ekitaldietan parte hartzeko gonbita egin die.
Parte-hartzaileek balioespen ona eman diote jardunaldiari, eta zoriondu egin dituzte txostengileak eta antolatzaileak.