Isolamendu-gelak, «banantze» lagunkoia
«Txinak doministiku egiten badu, mundu osoak harrapatuko du hotzeria» Guztiok entzun dugu noiz edo noiz esapide hori, esaera zahar ekialdetar metaforiko gisa erabilia. Haren bidez, adierazi nahi da munduko ekonomia, neurri handi batean, Asiako erraldoiaren ekonomia-egoeraren mende dagoela. Hilabete honetan, metaforiko izateari utzi eta literal izatera igaro da; izan ere, Wuhan hirian agertutako koronabirusa, globalizazioaren bidez, planetako hainbat puntutara iritsi da.
Agerraldiaren hasieratik gaur arte, Osasun Ministerioaren arabera, 6.060 kasu daude baieztatuta: 5.974 Txinan eta gainerakoak, 86, beste 14 herrialdetan. Urtarrilaren 28an –Osasun Ministerioak eskainitako azken datu eguneratuen arabera–, 1.239 kasu larri daude, eta 132 pertsona hil dira agerraldia hasi zenetik.
Tratamenduak isolatutako gela batean ospitaleratzea eskatzen du, eta Espainiako legeriak halako gelak eraikitzera behartzen ditu ospitaleak. Artikulu honetan, azalduko dugu zein diren gela horien eskakizun bereziak. Gela horiek, arnas-arazoak dituzten pazienteei laguntza eskaintzeaz gainera, hainbat eratako kutsatzeak saihesten dituzte.
Fraternidad-Muprespa Habana ospitaleak 50 gela eskaintzen ditu. Horietatik lauk tratamenduari segurtasuna ematen dioten elementu «ikusezinak» ditu. Baina zer alde dago gela arrunt batetik isolamendu-gela batera? Alde nagusiak bi dira: ateek esklusa bikoitzeko sistema izan behar dute; hau da, bata irekitzeko, besteak itxita egon behar du. Bitarteko eremuan, mahai bat egoten da mantalarekin, eskularruekin eta maskararekin. Osasuneko langileek nahitaez baliatu beharko dituzte horiek, eta, erabili ondoren, bota.
Beste desberdintasun bat da gelan dagoen presioa aukera dezakegula: negatiboa, kanpoko airea sartzea nahi baldin badugu baina ez badugu nahi gela barruko kanpora ateratzea, edo positiboa, aire-zirkulazioa gela barrutik kanpora bidaltzea nahi badugu.
Gaixotasun larriak dituzten pazienteen kasuan, presio negatiboarekin ez dira barreiatzen gela barruan ageri diren mikroorganismoak, oso patogeno erresistenteak baitira. «Gela barrura sartutakoan, ateak itxi eta pazientea normal artatu behar da. Sendaketa-lanak amaitzean, tentsioa eta tenperatura hartzean eta bestelakoen ondoren, ontzi berezi batean bota behar dira babes-arropak eta pazientea tratatzeko erabilitako material suntsikorra. Irtetean, bi ateen artean eskuak garbitu behar dira soluzio hidroalkoholikoz. Eskuek ez dute inoiz ere ukitzen pazientea, eta, hala, ez dago inolako aukerarik mikroorganismoak gainerako pazienteetara zabaltzeko», adierazi du Caridad Amador Fraternidad-Muprespa Habana ospitaleko erizaintza-zuzendariak.
Gela horiek, era berean, infekzio nosokomialak saihesteko ere balio dute –ospitaleetan har daitezkeenak, alegia–, ospitale-giroan bizi diren patogenoen presentzia dela eta, zeinak erresistenteak baitira antibiotikoekiko. «Ezinbestekoak dira ospitaleetan, hasteko eta behin, Madrilgo Erkidegoak hala agintzen duelako legez, eta, bigarrenik, gaixotasun nosokomialak gero eta ohikoagoak direlako, eta osasuneko langileak izaten dira beti transmisio-bidea. Horrexegatik du garrantzia eskuak ondo garbitzeak, azazkalak labur eta margotu gabe edukitzeak eta eraztunak saihesteak; izan ere, patogenoak erraztasun handiz eransten dira horietan», azaldu du zentroko erizaintza-arduradunak. Horretaz gainera, erabili eta botatzekoak ez diren materialak –hala nola fonendoskopioak edo termometroak–, nahiz eta gaur egun ez diren partekatzen pazienteen artean, kontu handiz garbitzen dira erabilera bakoitzaren ondoren. Isolamendu-gelek, era berean, tanta bidezko kutsadura ere saihesten dute (listu-tanten bidez transmititzen diren gaixotasunak, gripea kasu) edo aire bidezko kutsadura ere bai (esaterako, tuberkulosia).
Immunoeskasia duten pazienteen kasuan, gela horiek behar duten isolamendua bermatzen dute. Esate baterako, kimioterapia jasotzen ari den paziente batek, defentsak asko jaisten zaizkion neurrian, babestuta egon behar du gainerako pazienteek kutsa diezaioketenaren aurrean. Gelaren presioa positibo izatera aldatuz, airea gelatik irtengo da eta ez da sartuko kanpokoa. Eta, eguneroko martxan, zer mantentze-lan eskatuko ditu gela horrek? Infekzioren bat duen paziente batek okupaturik baldin badago, zorrotzagoa izaten da garbiketa-protokoloa: ia-ia ebakuntza-gelen berbera.
Gela horietan, kontrol mikrobiologikoak egiten dira hilero-hilero, bermatzeko ez dagoela inolako patogenorik.
Horrek guztiak segurtasun handiagoa eskaintzen dio pazienteari; izan ere, ospitaleratze-baldintza gogorragoak izango ditu, ezin baita gelatik aske irten. Irteteko beharra duenean, adibidez proba bat egitera, kontu berezia hartu behar da. Egunaren amaieran ematen zaie hitzordua, beti norbera babesteko ekipamenduak jantzita, eta, proba egin ostean, makina garbitzen da, gainerako erabiltzaileak ez kutsatzeko. Haien bisitak ere murriztuta egoten dira, eta laguntzaileek ere norbera babesteko ekipamenduak baliatu behar dituzte, eta sarri-sarri erabili gel hidroalkoholikoa.