Zurztasuna

Hildako eragilearen seme-alabek jasotzen duten pentsioa, filiazio legala edozein delarik, eta ezkontzara bizi den ezkontideak ekarritakoak, beti ere, eragilea hiltzean 18 urtetik beherakoak badira (hainbat kasutan 22-24 urte artekoak ere bai) edo lanerako gai ez badira eta eragileak alarguntza pentsioari dagokion epea kotizaturik baldin badu.

Bateragarritasunak/Bateraezintasunak.
Zurztasun pentsioa bateragarria da hildako eragilearen ezkontide izandakoaren edo denaren, edota zurtzaren beraren lanaren diru-sarrerekin, bai eta ezkontideak jasotzen duen alarguntza pentsioarekin ere. Hala ere, zurztasun pentsioa jasotzeko eskubidea aitortuta, hau bertan behera geratuko da zurtzak norbere edo besteren konturako lanen bat egiten badu, eta urteko neurketan dituen sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 gainditzen badute; hona hemen zehaztapen gehiago:
  • Zurtzak 18 urte baino gutxiago baditu edota lanerako ezintasun iraunkor absolutua edota ezintasun handia badu, jasoko duen pentsioan ez du eraginik izango bere lanetik ateratako diru-sarreren kopuruak.
  • Zurtza 18 urtetik gorakoa eta ezintasunik gabea bada zurztasun pentsioa bertan behera geratuko da:
    • 18 urte betetzen dituzten egunean bertan, zurtzak, ezintasunik gabea izanik, bere lanaren diru-sarrerek ezarritako muga gainditzen badute.
    • Norbere edo besteren konturako lanen bat egiten hasi eta hurrengo egunean (baldin eta bere diru-sarrerek ezarritako muga gainditzen badute), edota eskuratutako diru-sarrerek ezarritako muga gainditzen duten unetik aurrera.
  • Pentsioa jasotzeko eskubidea berreskuratuko du lan kontratua amaitzen denean, bere konturako lana amaitutakoan edota langabeziagatiko, aldi baterako ezintasunagatiko edota haurdunaldi edo amatasun arriskuagatiko prestazioa jasotzeko azken egunean edota, lan egiten edo prestazioren bat jasotzen jarraituz gero, bataren edo bestearen diru-sarrerek ezarritako muga gainditzen ez badute.
  • Zurztasun pentsioa jasotzeko eskubidea dutenek, ezintasun iraunkor absolutua edota ezintasun handia izateagatik Gizarte Segurantzatik dagokien pentsioa jasotzen badute, bi pentsioetako bat aukeratu beharko dute.
  • Sektore publikoan lan egiten duenak ezingo du pentsiorik jaso. Lan horretan ari den denbora tartean ez du pentsiorik jasoko, eta horrek ez du pentsioaren igoeran eraginik izango.
  • 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera, heriotza gertatu den egunean hildakoa alta egoeran edota alta egoerarekin parekatutako egoeran ez badago, ezin izango du Gizarte Segurantzako edozein erregimenetako beste zurztasun pentsiorik jaso; aukera hori izango du, ordea, erregimen guztietan 15 urtez gutxienez kotizatu duela ziurtatzen badu.
Iraungipena.
  1. 18 urte betetzeagatik (baldin eta une horretan lanerako ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun handia ez balu) edota onuradunen sailean aipatzen diren adin muga berriak betetzeagatik.
  2. Pentsioa jasotzeko eskubidea ematen zion ezintasuna amaitzeagatik.
  3. Adopzioagatik.
  4. Ezkontzeagatik.
  5. Heriotzagatik.
  6. Istripuan desagertutako langilea bizirik dagoela frogatzen denean.
Aurrean aipatutako arrazoiren bategatik pentsioa bertan behera geratzen denean, onuradunak pentsioaren 12 hileko kuotak jaso ez baditu, jasotzeko geratzen zaiona aldi batean jasoko du.
Pentsioa jasotzeko adin mugara iritsi baino lehen, onuradunak ez badu pentsiorik jaso, pentsioa jasotzeko eskaera adin hori bete ondoren egin duelako ere arau bera aplikatuko zaio, baldin eta gertaera eragilearen egunean onuradun izateko baldintzak betetzen bazituen.